Testua: Arantzazuko baladetakoa (ik. REA/JK, 36. or.)
Doinua: Herri-doinua (Jose Maria Ibarbiak moldatua?)
Jose Maria Ibarbia, Arantzazukoak sorta, 19. zenb., 16-17 or.
– AAB: 252 –
Arantzazura erromerian
nahi dezunean etorri,
amoriozko begi ederrak
erakutsiaz alkarri.
Honerakoan topatu nuen
aingeru goardakoa,
berriro ere topatuko det
bide bertatik banoa.
S. Mitxelenak hiru ahapaldiko balada-kopla ekarri zuen bere Poema-ra, Nafarroako gazteren baten ahotatik jasoa (AEP-2, 191-192 or.) –ADK-I liburukian aurki daiteke–; horko hirugarren ahapaldia da hemengo lehena; “Adios orain, dama gaztia” Arantzazuko balada ezagun eta luzeago bateko hirugarren ahapaldia ere badena (ik. REA/JK, 36. or.). Hemengo bigarren ahapaldia, berriz, bere horretan, ez dut inon aurkitu Arantzazuko Bilduman. Aldaera txikiren batekin, ordea, Jose Arruek bildutako “Agustuaren amabosgarren” izeneko Arantzazuko balada-aldaeraren azken ahapaldia da (REA/JK, 21-22 or.):
Behin neban [honakoan topatu]
Aingerutxo bat bidian,
berriz ta ere bilatuko dot
bide hartatik banua.
Arantzazukoak sortako kantaren doinua, berriz, ez da Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumako bi balada horiena. Beste nonbaiteko herri-doinua izan daiteke, norbaitek, agian Mitxelenak berak, moldatua, eta bi ahotsetara jarria. Dena dela, gero ez zuen kanta hori OKA kanta-liburuan jaso.
Beraz, eta testuagatik liburu sail honetako ADK-II liburukian sartzekoa bazen ere hemengo kanta hau, hemen sartu dut, bestelako doinua duelako, eta bi ahapaldiok sartuta daudelako banan beste horretan ere (119. eta 189. or.).