Himno oficial de la I. Asamblea Mariana de la Diócesis de Vitoria (1936)

Euskarazko testua: Luis Jauregi
Musika: Frantzisko Madina
Himno oficial de la 1ª Asamblea Mariana de la Diócesis de Vitoria, Barcelona: A. Boileau y Bernasconi, 4 or. // – AAB: 136-137

 

Talde nagusia

Euskaldunon Ama kutun,
arantza gaineko Erregin Aloñan,
itsaso-goiz-izar Itziar-Begoñan,
ta Araban lore eztidun.
Euskal Erregin samurra,
gure etxe-, soro-, itsas-, lantegi-soinua
hegan doakizu otoitz bihurtua:
gure herriak maitez dagitzun agurra
ta seme-eskeintza gartsua.

Ahapaldiak

  1. Antzinan eusko ahaldunak
    alkarturik Batzarrean,
    zure maite-babesean
    egin zituzten legeak.
    Gaurkoan ere euskaldunak
    zugan degu uste osoa:
    onetsi, ba, Ama gozoa,
    maiteki zure semeak.

  2. Lehen zutik Euskal Herrian
    beti kristau sinismena,
    mendiko haritz lerdena
    bezin sendoa genduan.
    Gaur gezur-ekaitz nahasian
    etsaiak galdu nahi gaitu:
    Zure herri hau, Ama, zaitu,
    berotu sinismen-suan.

  3. Burua Aizkorrik elurrez
    ohi duan bezin garbia,
    gendun gure gaztedia
    bere ohituretan, garbi.
    Baina gaur txistu maltzurrez
    deika ari zaio sugea:
    Arren, Zuk, Birjin maitea,
    egin bihotzean argi.

  4. Anai-burruka gaiztoaz
    odoldu zan gure lurra:
    Zuk, Andra Mari samurra,
    pakea zenduan jarri.
    Berriro orain gorrotoaz
    gure herriak sutu dira:
    Ama, goi-pake dirdira
    gure lurrera ekarri.

Gasteizko Elizbarrutiko I. Batzarre andremariarraren ereserki ofiziala duzu hemengo hau (1936). Diptiko batean –lau aldetatik idatzita– dago inprimatuta, jendeak kantatzeko esku-orri gisa edo: testu eta doinu. Euskaraz eta gaztelaniaz dago testua, azken hau Joan Jose Pérez Ormazabalek idatzia. Aurrenik Gasteizko Elizbarrutiko buletin ofizialak argitaratu zuen, testua bakarrik (LXXI, 1935, 547-550 or.); bertatik hartu zuen Arantzazu aldizkariak ere, eta bi hizkuntzetan eman (XV, 1935, 174. zenb., 365-366 or.). B. Aranburuk ere bere bilduman jaso zuen (Aramburu, 1947, 360-361 or.). Berdintsuak dira euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, baina ezin esan bata bestearen itzulpena direnik, oso modu librean ez bada. Dena dela, izatekotan, gaztelaniazkoa dela esango nuke euskarazkoaren itzulpena, erreferentzia konkretuagoak dituelako euskarazkoak: Aizkorri, adibidez. Bestalde, Estibaliz-en interpretazioa –eztia– euskaratik bakarrik egin daitekeelako.

Oñatin egin zuten I. Kongresua, Arantzazuko A.M.-ren koroazioko 50. urteurrena zelako –azken eguna Arantzazun bertan ospatu zuten–. Nahiz eta lehen ahapaldian Estibaliz eta Begoña ere aipatu, bereziki Arantzazuko A.M.-ri zuzenduta dago, batez ere azken estrofari erreparatzen badiogu.

Esku-orrian doinua bakarrik dago, baina musikariak 4. ahotsetara ere idatzi zuen, organo eta guzti. I. Omaetxebarriak badu, bere aldetik, sarrerako koruaren ahapaldiarentzat –gaztelaniazkoarentzat– bere doinua ere (AAB:148).


AAB: 136-137