Iñaki Beristain urte askotan izan zen Arantzazuko basilikako kantuaren eta koruaren zuzendaria; abesti-bilduma hainbat eratu izan du Santutegian eta elizan abesteko lagungarri, eta baita “Arantzazuko fraideen” otoitzaldietarako ere –horien artean bereziki aipatzekoa hemen “Arantzazuko korua” izeneko bilduma, Santutegiko Musika Artxiboan aurki daitekeena–. Iñakiren ekimen eta lan eskergari zor diogu era berean Arantzazuko eta bestelako eliz kanta askoren jendarteratzea, beraren zuzendaritza pean Arantzazuko eta Oñatiko Santa Anako koruek abestu eta CDtan grabatuta; baita Arantzazuko erromesentzako bertso-sorten grabazioa eta argitalpena ere dozena erdi bat kasetetan – “Arantzazu. Erromesaren poema” titulu pean–.
Hemen batez ere nabarmendu nahi dut Iñakik egin digun ekarpen apartekoa, oparoa eta ederra eliz abestien testu berriak sortzen; horietako hainbat Pello Zabalak musikatu izan du; beste asko doinu ezagunei egokitu zizkien berak. 2017ko irailean hil zitzaigun Iñaki. Egokia litzateke hark sortutako abesti-testu guztien bilduma egin eta ezagutzera ematea.
Hona, berriz, nolabait Arantzazu kantatzen duten Iñakiren abesti--testuak bakarrik ekarri ditut. Izan bedi harentzako esker oneko omenalditxo bilduma honetako atal txiki hau ere.
© 2024 arantzazu