Salbatore Mitxelenak (1919-1965) kantatzeko idatzi zuen gehienbat bere Arantzazu. Euskal Poema (1949), zati askotarako herri-doinu ezagunak iradokiz (8 doinu, liburuan barna) edota bildu eta moldaturik transkribatuz (15 doinu, AEP-2, 247-251. or.); azken hauetako batzuk lehenagotik ere argitaratuak zituen Arantzazu aldizkarian eta sei behintzat Ogei Kanta Arantzazuko (OKA) liburuxkarako ere aukeratu zituen. Horietako doinu eta bertsoak, eta musikatzeko berak idatzitako beste zenbait olerki ere inspirazio-iturri oparoak izan dira beste hainbat musikari eta harmonizatzailerentzat ere.
Arantzazuko Abestien Bilduma-n (AAB-n) horien denen partiturak jasota daude, testu eta guzti; hona, berriz, ez ditut horien guztien abesti-testuak ekarri, Arantzazu. Euskal Poema (AEP) ia osorik jaso beharko genukeelako. OKA-rako aukeratutako doinuen testuak edota beste nonbait Mitxelenaren olerkien gain landutakoenak bakarrik ekarri ditut: zazpi azken hauetakoak eta OKA-ko hogeiak, batzuetan beste musikari hainbatek ere baliaturikoak.
Aipaturiko AEP eta OKA obrak etengabe agertuko zaizkigu, beraz, atal honetan. AEP-ren bigarren edizioa egin zuten 1984an (Salbatore Mitxelena, Idazlan guztiak, II tomoa, 1984, 1-252 or.); era berean OKA-k ere beste argitalpenik izan du (1969koa, adibidez, eta 1984an beste idatzi guztiekin batera). Kontrakorik ezean, AEP-ren 1984ko edizioa (AEP-2) aipatuko dut hemen, eta OKA-ren 1969koa (OKA-1969).
© 2024 arantzazu