1 Txoragarrizko berri gozoa,
bihotz pozkidagarria,39
lasterka nator kantatutzera,
aitu bertatik egia:
   
2 Baltzategiko Rodrigo artzaia
Antxo Txapel (deitzen dana),40
Aloña mendi tontorrian
zan goiz-goiztikan joana.
   
3 Han bat-batian agertu zaio
Arantza zorrotz gainian
Zeruetako Ama Birjina,
Jesus dabela besoan.

Testua: Toribio Alzaga
Lekukoa: Kaietana (Bidaurreta-Oñati) (?)
Iturria: REA/JK, 24. or.
AKBD, 012 erg.

Salbatore Mitxelena, Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bilduman aurkitu eta bere sortan (M4S, 2. or.) kopiatzean, konturatu zen pieza hau ez zela herri-kanta, eta ez Arantzazuko baladatzat hartzekoa ere, B. Zapirainen Txanton Piperri operako zatia baizik (ik. ABB, 640 or., lehen oin-oharra; AHH, 79. or.). Jatorriz herri-balada ez bada ere, hemen jaso nahi izan dut, Bilduman beste baladen tartean dagoelako REA/JK-n eta seguruenik herritarren ahotan ibili zelako, haiekin nahasita. Horren adierazgarria da I. Omaetxebarriak bildutako lau ahapaldiko “Artzai Rodrigo Baltzategiko” balada-aldaera ere: horko laugarren ahapaldi bezala dago hemengo lehen ahapaldia eta bigarren ahapaldi bezala hemengo laugarrena (ik. ondorengo orrialdean).

REA/JK iturrian ez da kantaren lekukorik ageri; kantaldi luzeagoaren parte bezala dago kopiatuta bertako 23-24 orrialdeetan. I. Omaetxebarriak identifikatu eta bereizi zituen hor balada-kanta ezberdinak, hemengo hau eta “Errodillochu juan zanian”, besteren artean. Azken hau, berriz, Oñatiko Bidaurretako Kaietanak abestua omen zen, S. Mitxelenak dioenez (ik. AHH [ADK-IX] 77. or.) Beraz, uste izatekoa da, “Txoragarrizko berri gozoa” ere haren ahotatik jasoa dela.

______________

Honetara da Txanton Piperri operako kanta hitzez hitz eta bertako grafiarekin (3. ekitaldia, 5. eszena, 144-146 or.; ik. AAB: 033):

1 Choragarrizko berri gozoa
biyotz pozquidaz garriya
lasterka nator kontatutzera
aitu bezate egiya.
   
2 Ez degu ezer jakiñ biarrik
orren berri ona al da?
Oberik ezin izan liteke.
Orduan kontatu bada.
   
3 Balzategiko Rodrigo artzaiya,
Ancho Chapel deitzen dana.
Aloña mendi tontor tontorran
Zan goiz goizetikan juana.
   
 4 An bat batian agertu zayo
arantza zorrotz gaiñian
Zerubetako Ama Birgiña
Jesus dabela besoan.

Oharrak

39 Jatorrizkoan “pozkidaz garria”; I. Omaetxebarriak zuzendu zuen REA/JK koadernoan, ‘pozkidagarria’ idatziz.

40 Errodrigo Baltzategikoaren “Antxo Txapel” ezizena XVII. mendetik dator nonbait, Juan de Villafaña-k Espainiako Andre Mariaren irudiei buruz idatzitako obratik, non Arantzazukoak ere bere lekua baitzuen. Hona erreferentzia osoa: Compendio histórico en que se da noticia de las milagrosas, y devotas imágenes de la reina de cielos, y tierra, María Santísima que se veneran en los más célebres santuarios de Hespaña, Salamanca: Imprenta de Eugenio García de Honorato, 1726. Obrako kapituluetako bat “Imagen de nuestra Señora de Aránzazu” da, eta bertako 59. orrialdean dakar honako hau: “El año de 1469, un Pastor, que se llamaba Rodrigo Balzátegui, a quien conocían más los otros compañeros pastores por el nombre de Ancho-chapel...”.