Arantzazure joan behar dot
gabean edo egunez,
Birjina amoni preguntaduten
izango bada edo ez.
Birjina amonek baietz dino, ta
seme jaunonek entzun ez,
bioren borondatea balitz,
bitartekorik behar ez.
::::::::::::::::::::::::::::::::::
Biltzaileak: Ruper Lekue, Itziar Falces eta Karmen Bernaola
Iturriak:
1. Arratiako Musika eskola,
Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak, 41 or.
2. A. Arejita, I. Etxebarria, J. Ibarra,
Mendebaldeko euskal baladak (MEB), 43-44 or.
AKDB, 280. eta 1001. erg.
AAB: 348
REA/JK-ko “Arantzazure joan bear dogu” baladaren (39. or.) aldaera da hau, Igone Etxebarriak hori argitaratzean oin-oharrean ohartarazi zigunez (ABK, 37). “Neska ontziratua” balada luzearen lehen bi ahapaldiak dira, Arantzazuko Andre Mariari eskainiak. Ondorengo ahapaldiek ez dute zer ikusirik Arantzazurekin.
Bi iturritatik behintzat badaukagu balada –bietan berdin-berdinak dira lehen bi ahapaldiak–. Jon Bagues-ek bidali digu Eresbildik, eta Arratiako musika eskolak argitaratua du Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak liburuan (41. or.), doinu eta guzti; ez du lekukoaren berririk ematen. Bestalde, MEB liburuak osorik argitaratu zuen “Neska ontziratua”, bi doinurekin, biak ezberdinak Arratiako musika-eskolak argitaratuarenaren aldean.