Goazen hortikan gora
menditxo horiek gora,
menditxo horiek gora,
Birjina Amaren etxera,
Birjina Amaren etxera,
pekatuak konfesatzera,
pekatuak konfesatzera,
garbiro galditzen gera.51
Ederki jarri zinaden
elorriaren ganean,
Gipuzkoako lurrean,
Araba aldean,
..............................52
..............................
..............................
..............................
Hiru lata ta zazpi teilatxo,
haietxek asko ditu,
asko amaren seme maitek
han izango du ostatu,
denborarekin han izango da
deritzaiona Arantzazu.
Lekukoa: Agustina Goikoetxea (1935)
Biltzailea: (Jokin) Dorronsoro
Iturria: EERV, 699. or. (Aitzolen bilduma)
AKDB, 252. erg.
Honetara dio Zabalak EERV-ko oharrean: “Jose Ariztimuño Aitzol zanaren bilduma, Kanta errikoyak 1935'ngo udan Dorronsorok bilduak izeneko mordoan”. Aipatzen duen Dorronsoro biltzailea Jokin Dorronsoro da seguruenik, izen eta guzti ageri dena bestetan Aitzolen Bilduman.
Azken ahapaldiko gai oso ezaguna kenduta, arraro samarra da kanta hau Arantzazuko Baladen tradizioan; baina lehen zatia ere Arantzazuko Andre Mariaz ari da, zalantzarik gabe: “elorriaren ganean”... Bestalde, badirudi nahikoa berandukoa dela kanta hau: Oñati herria Gipuzkoako probintziakoa egin ondorengoa (1845)? Bigarren ahapaldia irakurtzean, honako iruzkin hau idatzi zuen ironiaz Joxe Azurmendik: “Benetan flakoa eta erorkorra da memoria Gipuzkoan: Ama Birjina agertu denean, Oñatik Gipuzkoa izateko asko falta zuen” (“Arantzazuko Kanta zahar zaharrenaz ohar historiko batzuk”, in: ABK, 178. or.).
Oharrak
51 Badirudi lehen lerroak ere errepikatuta beharko lukeela –“goazen hortikan gora”–, ondorengoak bezala.
52 Puntuzko lerro hauek EERV-koak dira, ahapaldiari falta zaizkion puntuak adieraziz. Jatorrizkoan horrela ote daude?