1 Eguna zala, eguna zala
bart irargia zanean,
egunerako joan nintzan ni
zazpi legua bidean.
Zazpi legua bidean eta
neure maitean [sic] kalean. 
   
2  Neure maiteak jaurtigi eustan
lantzea bentanerean.32
Orain hil bere banozu eta
beatu bere naikezu,
Maria Madalenean aurrean eta33
Jesu Kristoren oinean.
   
3  Hiru letratxu beharko ditu
nire hobiak ganean,
neure maiteak irakurteko
Madrildik datorrenean.

Lekukoa: Joana Altzibar (Ajangiz)
Iturria: CPV, V, 30-398, 498-499 or.
(OEA, 31. dok.; O4S, 34. or.; G2T. 23. or.)
AKDB, 163. erg.

Omaetxebarriak zuzenean CPV-tik jaso zuen aldaera hau, eta eskuz kopiatu bere OSJ sortan (ik. O4S, 34; G2T, 23); “CPV, 5, 38, 39” iturria aipatzen du berak –lehen edizioko faszikulua (38) eta horko orrialdea (39), alegia–.Lekukoaren hiru hitz –erdarakada!– zuzendu egin zituen Azkuek, oharrean haien berri emanez: bota egin > yaurtigi, enterrau > beatu, sepultureak > nire obiak. Omaetxebarriak bere eskuzko kopian parentesi artean eman zituen jatorrizko hitzak, aldatutakoen gainean. Eskuzko beste kopia bat ere egin zuen Omaetxebarriak CPV-tik (OEA, 31. dok.), baina oraingoan lekukoaren jatorrizko hitzak jasoz.

Hainbat argitalpen izan du balada-aldaera honek. A. Zabalak dioenez, Euskalerriaren Yakintza aldizkarian ere argitaratu zuten, IV. tomoan; doinurik gabe, ordea (ik. EERV, 394). Liburu horretan bi lekutan dakar Zabalak kanta hau: “Amodioa” sailean (393-394 or.) eta “Arantzazuko erromantze zaarrak” sailean (685-686. or.), doinu eta guzti, zuzenean Azkuerenetik hartuta, baina hark oharretara botatako hitzak berriro testurako berreskuratuz. J. Lakarra, J. Biguri eta B. Urgel-en Euskal Baladak liburuan ere ikus daiteke (Donostia: Hordago, 1983. II. t., 122 or.).

ABK liburuak ez zuen argitaratu; izatez, aldaerak ez du Arantzazu izena aipatzen; baina lehenengo ahapaldian Arantzazuko baladaren gai ezaguna kantatzen du; beste bietan bere bidetik doa. Omaetxebarriak ez zuen zalantzarik izan Arantzazuko baladatzat hartzeko: “Melodía Aranzazutarra” dio OEA-ko eskuizkribuaren ertzean; areago, azken bertsoko ‘hiru letratxu’ hitzetan Arantzazuko balada ezaguneko ‘hiru latatxu’-ren oihartzuna sumatu zuen.


Oharrak

32 CPV-n eta G2T-n ‘bentanerean’ dago idatzita; EERV-k ‘bentanarean’ idatzi zuen.

33 Omaetxebarriak ‘Maria’ izena kentzea iradokitzen du OEA-n, bertsoa bere neurrira ekartzeko edo. Bestalde, gorago ‘maitean’ (=maitearen) dagoen bezala, hemen ‘Madalenean’, ‘Madalenearen’ formaren ordez.