Arantzazu, zer dakazu?
Ur goiena, ur barrena.
Ur goiena, ur barrena,
Urteberri egun ona.
Etxe honetan sar daiena
....................
Jose Maria Satrustegik Urtezahar-Urteberriko uraren errito eta ohitura herritar zaharraren berri zabala eskaini zigun, behean aipaturiko artikuluan. Bertan ematen dizkigu ospakizun horretan abesten zituzten koplen hainbat aldaera ere, bereziki Sakanako herrietan kantatzen zituztenenak (Etxarri-Aranatz, Bakaikoa, Iturmendi, Arbizu, Altsasu; Julian Alustiza frantziskotarrak ere bildu zuen aldaeretako bat Uharte-Arakilen 1965ean).
"Ur goiena, ur barrena" bertsoak, gehienetan hasieran ageri denak, ematen du erritoaren esanahia, formula sakramentala bailitzan. Hemen horixe bakarrik jaso dut, eta ez kanta osoa. Gertatzen da, zenbait aldaeratan erantzun bezala datorrela formula hori, galdera bitxi eta adierazgarri honi erantzunez: "Arantzazu, zer dakazu (dakezu >daukazu)?". Seguruenik Sakanako herrietan abesten zitzuten Arantzazuko baladen oihartzun edo oroitzapen modukoa da galdera. Horrelako zerbait iradokitzen du Satrustegik berak (32. or.). Horrexegatik ekarri dut hona kopla hau.
Resurrección M. Azkuek ere jasoa zuen Urdiaingo aldaera, "Izotzetan" titulu pean (CPV, XI, 51-962, 1115. or.). Bigarren lekuan ipini zuen berak "formula errituala", Arantzazuren erreferentzia eta guzti. Bakaikoako aldaeran kanta osoaren azken lekuan dago, hor ere "Arantzazu, zer dakezu?" galderaren erantzun gisa.
Iturria: Jose Maria Satrustegi, "Canto ritual del Agua en el Año Nuevo", in: Fontes Linguae Vasconum, 1971, 7. zenb., 35-74 or.
AKDB: 1463. erg.