Arantzazura bidea luze;
hara orduko iluna.
Santa Luzian [sic] begi ederrak
argi egiten digula
goazen Arantzazura eta
gabon Jainkoak deigula.
Izar eder bat... etc.
Lekukoa: Josefa Auzmendi (?)
Iturria: ABA, III-16 (ABB, 669. or.; AHH, 133. or.)
AKDB, 237. erg.
Testu hau Salbatore Mitxelenaren ABA eskuizkribuan dago; eta “Birjina Amaren bezpera da-ta” baladaren zatitzat dakarrela dirudi; baina ez zigun baladaren aldaera osoa eskaini.
Arantzazuko “Bilduma” aipatzen du Mitxelenak. Arantzazun zegoen Kanta Zahar “pilo” osoari deitzen dio “bilduma” berak. Agian Koaderno nagusia (REA/JK) eta bestelako gehigarriak denak batean hartuta. Baina ez REA/JK koaderno nagusiaren 37. orrialdean eta ez beste inon ez da testu hori ageri –aldaera moduko bat bai REA/JK-n, 43. orrialdean–.
Zer gertatu da? Hemengo testuaren lekukotzat Etxarriko Josefa Auzmendi eman zuen Mitxelenak; REA/JK-ko 37-38 orrialdeetako baladaren lekukoa Etxarriko Josefa Auzmendi da, hain zuzen. Erreferentzia moduan bakarrik aipatu zuen seguruenik Mitxelenak Koadernoko 37. orrialdea, bertako “Arantzazura egin det promes” balada luzean hemengo ideiak nolabait zabalago jasota daudelako.