Txalopin-txalo, txalo, txalo,
gure bihotza Amari begira dago;
badago, bego, bego, bego.
Gure Ama arantzaren gainean dago.
Iturria: Arantzazu aldizkaria, I, 1921, 1. zenb., 31. or.
AKDB, 288. erg.
Luletxo ezizeneko autoreak asmaturiko kopla da hemengo polit hau. Zapatatxo berriak jantziak zituen haurraren ipuina eta amak abestu zion kopla dakar aurrenik bere artikuluan:
Txalopin-txalo, txalo, txalo,
zapatatxo berrien begira dago;
badago, bego, bego, bego,
katutxua mizpira gainean dago.
Ipuineko haurraren antzera pozik omen zeuden Arantzazuko fraideak, inprimategi berria bertan ipini zutenean. Eta Andre Mariari eskaintzen dio goiko kopla hori. Jose Arrueren izena izan ote daiteke Luletxo ezizenak ordezkatzen duena? Beste behin aurkitu dut Arantzazu aldizkari berean (I, 1921, 2. zenb., 53. or.), eta Julen Urkizaren zerrendan ere ez da ageri (ik. Aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia, Markina-Xemein, 1999: “Olerkari eta bertsolarien izenordeak”, 17-27 or.).