Melodía de Nuestra señora de Aránzazu
Anonimoa
Iturria: G2T, 079-082 + 083-084
Musika: “Melodía de Ntra. Sra. de Aránzazu” (AAB, 644-652 or.)
+ “Ai artzachoa, ai artzachoa” (AAB, 781-782 or.)
AKDB, 195 erg.: “Ai artzachoa, ai artzachoa”
Liburuaren sarreran kanta honen aipamena egina dut, Arantzazuko Baladen doinuen harmonizazioaren prozesua azaltzean. Arantzazuko Bildumako G2T sortaren azken aldean (79-91 or.) balada-kanten hainbat partitura dago. Bilduma bereko REA/JK koadernoan edo beste nonbait aurki daitezkeen kantak dira; horien doinuak kopiatu, harmonizatu edota horien doinuen gain bestelako pieza musikalak moldatu nahi izan zituzten musikariek.
Hemengo hau dugu horietan aurrena eta luzeena, “Melodía de Ntra. Sra. de Aránzazu” deitua. Testu honen autoreak ez zuen literatur irizpide historiko-kritikorik erabili eta zazpi atal sailean jarri besterik ez zuen egin, testu bateratuan baino gehiago pieza musikalean bilatuz koherentzia. Arantzazuko Bildumakoak dira zatiok. Osaturiko kanta honetan badira gaurko Arantzazuko Bilduma eta sortetan beste inon ez dauden ahapaldiak ere: 5.a eta 7.a, hain zuzen.
Bi aldiz eta bi eratara dator musikatua testu osatu-bateratua: lehenengoa polifonikoz (G2T, 79-82 or.), bigarrena gregorianoz (G2T, 83-84 or.). REA/JK, 42-43 orrialdeetan dagoen “Ai artzachoa, ai artzachoa” kantatik abiatu zen musikaria – ABK liburuan argitaratuta dago (65-66 or.)–. Horko doinu bera aplikatu zien ondorengo atalei ere. Polifonikoan dauden bi ahapaldi falta dira kanta gregorianoan: goian aipaturiko 5.a eta 7.a, hain zuzen; badirudi, beraz, aurrenik ahots bakarrean konposatu zuela kanta autoreak, eta ondoren polifonikoa, ahapaldi horiek erantsiz.
Bi partituren kopiatzailea bat bera da, zalantzarik gabe; baina ez testu-bateratzailearen eta ez musikariaren berririk dakigu zuzenean; uste izatekoa da, Arantzazuko fraideren bat dela. 1886an, Arantzazuko Andre Mariaren koroazioaren kariaz antolaturiko lehiaketan aurkeztu bide zuen pieza hori; ez zuen saririk jaso (ik. 5. ahapaldiko koroazioaren erreferentzia).
Atalak eta ahapaldiak zenbakiz markatzea editore honen lana izan da. Ahapaldi gehienak errepikatuta datoz polifonikoan, doinu-aldaera edo tonu ezberdinean. Beren horretan, errepikatuta, jaso ditut, beraz, –ez ‘(bis)’ seinale hutsez–.
I/ 1 Ai artzaintxoa, ai artzaintxoa,
nire esan bat egizu;94
aita hori ere harotza duzu,
ermitatxo bat eidazu.
Ai artzaintxoa, ai artzaintxoa,
nire esan bat egizu;
aita hori ere harotza duzu,
ermitatxo bat eidazu.2 Hiru lata ta zazpi teila
asko_'ituela esaizu:95
hiru lata ta zazpi teila
asko_'ituela esaizu.
Hiru lata ta zazpi teila
asko_'ituela esaizu:
hiru lata ta zazpi teila
asko_'ituela esaizu.3 Zenbait amaren bai seme maite(k)
izango luke ostatu;
izango luke ostatu eta
kaliza gora altxatu.96
Zenbait amaren bai seme maite(k)
izango luke ostatu;
izango luke ostatu eta
kaliza gora altxatu.II/ 4 Zazpi dontzeilek josi omen dute,
Birjina Amaren beloa.
Dontzeilak ere ederrak ziren,
ederragoa beloa.
Zazpi dontzeilek josi omen dute,
Birjina Amaren beloa.
Dontzeilak ere ederrak ziren,
ederragoa beloa.III/ 5 Denborarekin jarriko zaio
koroia zilarrezkoa.
Aloñan berak aukeratu du
arantzazkoa tronua.
Denborarekin jarriko zaio
Koroia zilarrezkoa.
Aloñan berak aukeratu du,
arantzazkoa tronua.IV/ 6 Arantzazura egin dut promes,
edo gau edo egunez;
edo gau edo egunez eta,
oinutsetan ta dolorez.
Arantzazura egin dut promes,
edo gau edo egunez;
edo gau edo egunez eta,
oinutsetan ta dolorez.V/ 7 Neke hori gustoz igaroko dut,
Amatxo, zure amorez;
nire bihotza saltoka dabil,
zu ikusitzeko pozez.VI/ 8 Izar eder bat ateratzen du [sic]
urtean egun batean;
urtean egun batean eta
hura San Joan goizean.9 Haren argitan ni joan nintzen
Arantzazura bidean;
Birjina ama ta bere semea
topa nituen bidean.10 Kontseilu on bat eman zidaten
Ama-Semeen artean:
ona ta umila izan nendila,
munduan nintzen artean.VII/ 11 Ona ta umila izan nendila,
munduan nintzen artean.
Ez zitzaidala, ez, damutuko
heriotzako trantzean.
I/ REA/JK, 42-43 or. Hiru ahapaldiko kanta da lehen atal hau; jatorrizkoan bezala errepikaturik dator ahapaldi bakoitza. Atal honetxen doinua aplikatu zien musikariak berreraikitakoaren ondorengoei ere. Aldaketa ortografiko txikiren bat edo beste sartu zuen berreraikitzaileak. ABK-k (65-66 or.) eta EERV-k (695. or.) argitaratua dute atal hau; aurrenak, jatorrizko doinu eta guzti.
II/ REA/JK, 37-38 or. Josefa Auzmendirengandik jasotako “Arantzazura egin det promes” aldaerako 14. ahapaldia izan daiteke hau, errepikatuta, eta zerbait aldatuta; honetara dago jatorrizkoan: “Zazpi doncellak / josi omen dute / Birgiña Amaren belua, / Zazpi doncellak ederrak ziran / Belua ederragua”.
III/ Ahapaldi errepikatu hau az dago partitura gregorianoan. Eta ez da ageri Arantzazuko Baladen Bilduman eta bertako sortetan ere. Seguruenik autore berreraikitzaileak gaineratu zuen, aurrekoaren osagarri edo.
IV/ Ahapaldi errepikatu hau ezaguna da hainbat balada-aldaeraren hasieratzat (ez errepikatuta). Ortografia, berriz, nahikoa berezia du, iturrietan ageri ez dena: egunes, dolores, oñutzetan. Ataltxo hau bera honetara dago REA/JK, 52. or.an, Etxarriko seminarista baten ahotatik jasoa, doinu eta guzti: “Arantzazura egin det promes / oñutsetan da dolorez, / oñutsetan da dolorez eta / edo gau edo egunez (sic)”. ABK-k (42. or.) eta EERV-k (678. or.) bere horretan argitaratu zuten hau ere.
V/ Ahapaldi hau ez dago partitura gregorianoan. Guztiz berria da, bestalde, Arantzazuko Baladen Bilduman eta bertako sortetan; ez hitzei eta ez ideiari begiratuta aurki daiteke horrelakorik. Hemendik aurrera ez daude errepikatuta ahapaldiak.
VI/ Hitzez hitz hartuta, atal honetako hiru ahapaldion berdinik ez dut aurkitu Arantzazuko Bilduma eta Sortetan, baina bai oso hurbilekorik bat baino gehiago: Adibidez, REA/JK, 37-38 or., A-B zut.). Gai oso ezaguna da Santutegiko Baladen tradizioan.
VII/ Ahapaldi honen bigarren puntua aski normala da aurreko ahapaldiaren ondorio gisa-edo, Arantzazuko Baladetan. Hemengo autore osatzaileak, ordea, bi puntuko bertsoa behar zuen nonbait, eta aurreko bertsotik hartu zuen lehen puntua, haren oihartzun gisa edo.
Oharrak
94 Jatorrizkoan ‘egin zu’ dator idatzita; Omaetxebarriak ‘egi zu’ zuzendu zuen gainean, baina OSJ kopian ‘egidazu’ idazi zuen; EERV-k eta ABK-k ‘egizu’ idatzi zuten.
95 MSJ-k ‘azcoitubala’ dena batean interpretatu zuen. Partiturako hitzean lotura modukoa ageri da, ageri, baina musikak eskatuta izan daiteke.
96 REA/JK-ko jatorrizkoan “caliza ura alchatu” dago idatzita bietan; Omaetxebarriak ‘ura’ hitzaren ordez ‘gora’ idatzi zuen aurrenekoan. Eta ‘gora’ ageri da OSJ-n (ik. O4S, 42) eta ABK-n. EERV-k, ordea, ‘ura’ idatzi zuen, Omaetxebarriaren zuzenketari jaramonik egin gabe. Lehen puntuko parentesi arteko ‘k’ neuk erantsi dut.