“La virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco”
Jose Adrian Lizarralde
Iturria: “La Virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco”,
in: Arantzazu, XII, 1932, 235-238 or.
Arantzazuko Baladen aldaeren interpretazioari buruz J. A. Lizarralderekin izandako eztabaida kontatzen digu M. Lekuonak.97 Bera baladaren (koplaren) teknika literarioa eta muina aztertzearen aldekoa zen bitartean, Lizarralderen kezka nagusia aldaeretan jatorrena –“autentikoa”; jatorrizkoa?– zein zen jakitea omen zen.
J. Azurmendiren iritziz, Andre Mariaren agerpenaren gertakari harrigarrian ipintzen du Lizarraldek Arantzazuko erromantzearen sorburua, “koplariren bati balada handi bat inspiratuz” (...) “Agerpeneko erromantze bakar horren hondarrak eta aldaerak izanen lirateke han hemen sakabaturik egun aurkituriko hainbat puxketa” (...) eta “jatorrizko erromantze zaharraren «fragmentotzat» hartu ditu...” (ABK, 149. or.).
Neure zalantzak ditut horrenbesteraino zehaz ote daitekeen Lizarralderen teoria edo ametsa, Arantzazuko Baladen aldaera eta pusken jatorriari buruzkoa. Lekuonari idatzitako gutunetan agian argi agertua zuen bere azterbidea, baina argitaratu, ez zuen horretaz lan teoriko apartekorik argitaratu; ariketa praktiko bat eskaini zigun, ordea, “La Virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco” artikuluan (Arantzazu, XII, 1932, 235-238),98 non Arantzazuko Balada edo Erromantzearen –“Poema” handiaren– haria bilatu eta jarraiera agertzen baitigu.
Ordurako beharbada idatzia zeukan bere HVSA liburuaren sarrera Lizarraldek. Bertako 5. atalean aurki dezakegu aipatua dudan ariketa praktikoaren oinarri teorikoa azalduta. “Poema” handiaren jarraiera logiko-tematikoa eta historikoa bateratsu doaz Lizarralderentzat; edo jarraiera historikoak erakusten digu jarraiera logiko-tematikoa ere.
Lau aldi –“jornadas”– bereizten ditu berak balada edo kanta handiaren sorkuntzan:
1. Hasiera-hasierako aldia, Andre Mariaren irudiaren “agertzea” –edo “aurkitzea”, biak erabiltzen baititu– kontatzen duen kanta: “Errodrigotxo Baltzategiko”, funtsean.
2. Bigarren aldia, XVI. mendearen erdi ingurukoa: ermitaren eraikuntzari buruzko eztabaida eta tirabirak kontatzen dituena.
3. Erromesari buruzko kanta dator hirugarren aldian –“Ya se presiente que en el poema ha de suceder ahora el canto dedicado al peregrino”. Erromantzearen lau aldaera nagusi bereizten ditu Lizarraldek hirugaren aldi honetan, herrialdeen arabera: a) Oñati ingurukoa edo Gipuzkoakoa, b) Bizkaikoa, c) Nafarroakoa; laugarren bat ere izan zen, Arabakoa, bere osoan geratu ez zaiguna, baina bai puskaren bat. Oñati aldekoaren adibide adierazgarriena ”Abuztuaren hamabosgarren” hasten den kanta litzateke; Bizkaikoaren eta Nafarroakoaren adibide nagusiak, berriz, “Arantzazura egin dut promes” eta “Eguna zela eguna zela” –edota “Birjina Amaren bezpera da ta”– lirateke; Arabakoa, azkenik, erromesa gidatzen duen usoaren kanta litzateke, “Arantzazura egin dut promes” aldaeretako baten bigarren partea osatzen duena (ik. AKDB, 221. erg.).
4. XVII. mendeko edo geroagoko aldia – “Las adiciones hechas al poema en tiempos posteriores al siglo décimo sexto”: Erromesen Arantzazuko gaubeilen inguruko kantak.
Andre Mariaren irudiaren “agertzearen” gertakari harrigarria erabakigarria izan zen Lizarralderentzat, historiara eta herri-literaturara ireki zuelako horrek Arantzazu. Horregatik, ”Errodrigotxo Baltzategiko” kantaren jarraipen edo garapen logikotzat-edo hartzen zituen berak ondorengoak, berauen aldaera ugaritan, Arantzazuko poema handia osatzeraino.
Hasieratik bertatik koplari jakin batek poema handia asmatu eta kantatu izanaren ideia ez dut uste aurki daitekeenik Lizarralderengan. Horixe adierazten duela uste dut berak Arantzazu aldizkarian egindako “ariketak” ere; izan ere, poema hipotetiko hori lortzearren erromantzearen aldaerak –“variantes”– aurkeztuz hasi baitzen. Poemari hasiera emango dion “Errodrigotxo Baltzategiko” (hiru ahapaldiko kanta laburra) “la primera y más divulgada versificación” (235. or.) da berarentzat: poemaren lehen muina, bai, baina ondoren erromantze ezberdinetan garatuz eta osatuz joango zena, gaiaren aldetik eta historian barna.
Aurreko eskema teoriko horixe agertzen du ia erabat Lizarraldek 1933an Arantzazu aldizkarian eskainitako Arantzazuko “poemak”, artikuluaren epigrafeek beraiek erakusten dutenez: 1. Variantes [Aparición de la Virgen eta Construcción de la ermita], 2. El peregrino, 3. En Aránzazu, 5. Ejercicios piadosos [santutegian], 6. Algo de idilio [baladaren aringarri poetikoa], 7. Escala del cielo [konklusioa, alegia]. Azken biak poemaren osagarri edo koroitzat ematen dituela dirudi Lizarraldek.
Hamabi aldaera edo puska bateratu zituen Lizarraldek “poema” handia osatzeko. Baina ez zigun eskaini hasieratik bururainoko ibilbide linealik eta irakurketa jarraikorik, aldaera eta pusken artean bere iruzkin eta ohar luzeak tartekatu baitzituen. Alde batera utzi ditut hemen iruzkinok eta balada osatuaren ahapaldiak bakarrik ipini ditut jarraian, autoreak markaturiko kapituluen jarraiera errespetatuz, berak gaztelaniaz emandako tituluen bidez adierazita. Atal bakoitzeko tarteko euskarazko epigrafeak sartu ditut neure aldetik, baladen aldaerak eta puska ezberdinak, autoreak lotzen dituenak, hobeto markatzeko. Horien arabera doaz balada osatuaren ondorengo oharrak ere, neure aldetik erantsitakoak.
HVSA liburuko VIII. kapituluan ere –“El peregrino de Aránzazu”– erromesaren balada-aldaeren bilketa apartekoa eskaini zigun Lizarraldek, gaiaren azalpenaren arabera ordenatuta eta nolabait lotuta; baina ez da berariaz egindako “Erromesaren poema” osatzeko ariketa, hemengo “Arantzazuko poemarena” bezalakoa. Horregatik ez dut hona ekarri.
Oharra: Eskuizkribuko hitzen batzuk oker irakurri zituela dirudi Lizarralderen artikuluko testuen kopiatzaileak: Arrodrigotxu (Errodrigotxo), santa Adrian (san Adrian / Santa Tria), onridotxo (ondotxo), alegen (allegau), etab. Balada osatua (berreraikia?) oro har euskara batuan idaztearekin batera, horrelako formak zuzendu egin ditut.
[AGERPENA ETA ERMITAGINTZA] I/ Agerpena (tradizio nagusia) Errodrigotxo Baltzategiko,
nire esan bat egidazu;
aita zurea harotza da ta,
etortzeko esaiozu.Ermitatxo bat egin diezadan,
deritzona Arantzazu;
hiru latatxo, zazpi teilatxo,
hoietxek askoko ditu,Ama onaren semerik asko [sic]
han izango du ostatu,
han izango du ostatu eta,
bai sarri kaliza altxatu.II/ Agerpena (tradizio osagarria) Nik zainduko (d)itut zure ardiak
santa Triako haitzean,
santa Triako haitzean eta,
belartxo garbi batean,
belartxo garbi batean eta
elorriondotxo batean.Elorri horri para izkiozu
bi pilaretxo aldean,
bi pilaretxo aldean eta
hiru teilatxo gainean.III/ Oñatiarrak, Oñatikoak Oñatiarrak, Oñatikoak,
Ai zelan penatzen nauzu(e)n!
Zeuen San Migel Oñatikora
birritan eratsi nauzu(e).Hirugarrrenian banaramazu(e)
gogoan izango duzu(e)... 99El PEREGRINO
IV/ Abuztuaren hamabosgarren Abuztuaren hamabosgarren,
Jesus Maria goizean;
Birjinearen debotatxo bat
Arantzazura zihoan.Oinetan ere ortozik,
ta abitu beltza soinean,
San Frantziskoren kordoitxo bat
gerrian hiru doblean.San Agustinen liburutxo bat
eskutxo bien erdian.
Pausoa baratz botatzen zuen
Urtiagako gainean.V/ Eguna zela ta eguna zela Eguna zela ta eguna zela,
bart ilargia zenean,
egunerako ailegau nintzen,
zazpi legua bidean.Zazpi legua eginda ere,
Arantzazura nindoan.VI/ Arantzazura egin dut promes Arantzazura egin dut promes
edo gau edo egunez,
edo gau edo egunez eta
oinutsetan ta dolorez.[Birjina Amaren bezpera da ta,]
goazen Arantzazura,
Santa Luziaren begi ederrak
argi egiten digula.
(Gau on Jaungoikoak digula.)Izar eder bat ateratzen da
urtean egun batean,
urtean egun batean eta
hura San Joan goizean.Haren argitan ni joan nintzen
Arantzazuko bidean
Birjina Ama ta bere Semea
topa nituen bidean.EN ARÁNZAZU
VII/ Birjina Ama Arantzazukoa Birjina Ama Arantzazukoa,
urre gorriaz koroa,
urre gorriaz koroa eta
zilar zuriaz lepoa;
zilar zuriaz lepoa eta
zeta dindilaz beloa.Zazpi dontzeilek josi omen dute
Birjina Amaren beloa,
zazpi dontzeilak ederrak ziren,
beloa ederragoa.Birjina Amaren magal santutik
iturri eder bat dijoa;
egunean behin han ura edanda
uso zuria dijoa.
Ai! hura ez da uso zuria.
Aingeru goardakoa.EJERCICIOS PIADOSOS
VIII/ Pauso santuak ongi kontatzen Pauso santuak ongi kontatzen
mundu honetan lehenena
Ama Birjina (hasi) izan zen,
hilez geroztik Seme ona.Dudarik gabe, egia dela
nahi duzu klaridadea?
Ama Maria Agredakoak
emanen dizu fedea.IX/ Birjina Arantzazuko Birjina Arantzazuko
lore ederrari,
graziak eta alabantzak
ematen nator ni.Asko etortzen gara
munduaren kabotik,
hasi Frantzian eta
Espainia guztitik.Guztiok bidaltzen gaitu
bai kontsolaturik,
lehenengo konfesatuta,
bai komulgaturik...ALGO DE IDILIO
X/ Arantzazu mendiko Arantzazu mendiko
pagoaren ondoan,
Birjina Arantzazuko
neukan nik gogoan.Birjina Arantzazuko,100
Amatxo maitea!,
ez eidazu mudatu
hau nere semea. Loo, loo!XI/ Agur orain, dama gaztea Agur orain, dama gaztea
Arantzazura arteko;
hantxe egongo naiz, besoak zabalik,
zatozenean hartzeko.Arantzazura erromerian
nahi duzunean etorri,101
amoriozko begi ederrak
erakutsiaz elkarri.ESCALA DEL CIELO
XII/ Mundu honetan gura duenak Mundu honetan gura duenak
Zeruko lorak ikusi,
Arantzazuko mendiok gora
behar du bidea ikasi.
.
I. Agerpena (tradizio nagusia) (REA/JK, 35. or. ). “Errodrigotxo Baltzategiko” –aldizkariko ‘Arrodrigotxu’ forma inprimategiko okerra da seguruenik– Euskal Herri osoan hainbat lekutan entzuten zela dio Lizarraldek; “el fragmento regular y uniformemente rimado” iruditu zitzaion I. Omaetxebarriari ere, eta bere balada osatuaren buruan ipini zuen (ik. “Rodrigo, el hijo del carpintero”, in: Arantzazu, XXIX, 1944, 249. zenb., 260. or.; AIZ, 204-205 or.). ABK liburuak ere bere horretan jaso zuen (63-64 or.), doinu eta guzti; EERV-k, berriz ez zuen jaso forma autonomoan.
II. Agerpena (tradizio osagarria) (REA/JK, 37. or. eta 24. or. (3), A zut.). Bi lekuotan berdintsu ageri da atal hau; bietako transkripzio aldrebes samarra I. Omaetxebarriak “zuzendu” zuen. Bestalde, Lizarralderen artikuluko transkribatzailea ez zen oso fin ibili –‘̕Santa Adrian’, ‘Santa Tria’ edo ‘San Adrian’ idatzi beharrean; ‘onridotxo’ ‘ondotxo’-ren ordez; ‘elorri ori’, ‘elorri orri’ idatzi beharrean...–. Omaetxebarriak REA/JK, 37. orrrialdean finkaturiko testua ekarri dut hona. Jakin ondo daki Lizarraldek Agerpenaren bestelako tradizio bati dagokiola aldaera hau –“los de Segura quieren que la aparición tuvo lugar en el puerto de San Adrián...” (236. or.)–, baina lehen atalaren osagarri iruditzen zaio, bestalde, eta horregatik Arantzazuko "balada handian" sartzekoa. Izatez, REA/JK, 24. or.ko 3 ahapaldiko aldaeraren azpian ‘Segura’ dago idatzita; horren lehen ahapaldia, berriz, parentesi artean ipini zuen, itxuraz Omaetxebarriak. Bada atal honen beste aldaera bat, REA/JK-n eta Arantzazuko oraingo bilduma eta sortetan ez dagoena, baina S. Mitxelenak bere Ahoz aho liburuan jaso zuena (AHH, 75. or.), eta tartean honela dioena:
Nik zainduko ‘itut zure ardiak Santa Triako aitzean,
Santa Triako aitzean eta belartxo garbi batean,
belartxo garbi batean eta elorri-ondo batean.
Elorri horri para izkiozu bi pillaretxo aldean,
bi pillaretxo aldean eta iru latatxo gañean.
Nabari denez, aldaera honekiko hurbilagoa da Lizarralderen testua, ABK liburuak (62. or.) eta EERV-k (698. or.) osorik eta modu autonomoan argitaratua baino (3 ahapaldiak).
III. Oñatiarrak, Oñatikoak (REA/JK, 26. or., A-B- zut.). “Mundu honetan gura dauenak” baladatik bereizitako 3. eta 4. ahapaldiak izan daitezke hemengo hauek; horko beste ahapaldiak hemengo aurrekoetan jasota daude nolabait (forman nahiz edukian), eta horregatik bi ahapaldi horiek bakarrik atera zituen Lizarraldek. 2. ahapalditzat dagoena horrelaxe zegoen REA/JK-ko kopian; eta hirupuntukoa erantsi zion berak, bigarren puntua falta dela adierazteko edo. Omaetxebarriak jatorrizkoan ipinitako ahapaldien numerazioan ahapaldi bakarraren hirugarren puntua litzateke hori. ABK-k (55-56 or.) eta EERV-k (691. or.) REA/JK-ko balada osorik argitaratu zuten modu autonomoan.
IV. Abuztuaren hamabosgarren (REA/JK, 23. or. (1), A zut.). Bost ahapaldiko kanta da jatorrizkoan; baina lehen hirurak bakarrik jaso zituen Lizarraldek. Oñatiko Bidaurretako Kaietanaren ahotatik jasoa da kanta hau, Salbatore Mitxelenari jarraitzen badiogu (ik. AKDB, 007. erg.). Aldizkariko transkripzioan bada ‘ta’ hitza –Jesus ta Maria–, jatorrizkoan ez dagoena, eta bertsoaren neurria hausten duena; kendu egin dut, beraz; gainera ‘Birjin(i)aren’ hitzaren ‘i’ hori Omaetxebarriak sartua da eskuizkribuan, bertsoaren neurria osatzeko edo. ABK-k eta EERV-k osorik argitaratu zuten aldaera hau.
V. Eguna zela ta eguna zela (REA/JK, 25. or. (1), A zut.). Zornotzako Eujenio Larrañagaren ahotatik jaso eta horrela hasten den lau ahapaldiko balada-aldaeraren lehen ahapaldia zuela dirudi hemen Lizarraldek. Honetara jarraitzen du bigarren ahapaldiak jatorrizkoan: “...Birgiñie ta bere semie / topeu nittuzen bidien”. Ondorengo bi ahapaldietan Arantzazuko erromesaren balada-aldaeretan oso ezaguna den gaia dator: Ama-Semeek erromesari ematen dioten aholkuarena, alegia. Jakin ez, zergatik baztertu zituen Lizarraldek bi ahapaldi horiek, berak osaturiko “poema” handiaren beste ataletan ere ez baita ageri. Balada osorik argitaratu zuten ABK-k (50. or.) eta EERV-k (687. or.). Lizarraldek berak Areatzako (Arratia) Eujenia Langararengandik jasotako baladaren beste aldaera bat argitaratu zuen (HVSA, 166. or.); baina hemengoaren aldean aski ezberdina da.
VI. Arantzazura egin dut promes (JK/REA, 37-38 or., A-B zut.). Horrelaxe hasten den 17 ahapaldiko aldaera luzearen lehen hiru ahapaldiak eta laugarrenaren partea jaso zituen hemen Lizarraldek. Bosgarren ahapaldian gorago aipaturiko erromesarentzako aholkuarena dator, baina berriro kanpoan utzi zuen gai hori. — Bigarren ahapaldiko azken lerroa oso arraroa da Arantzazuko kanta zaharretan, eta lekuz kanpo dagoela dirudi; horregatik Omaetxebarriak parentesi artean ipini zuen eskuizkribuan eta baztertu bere OSJ kopian; ahapaldiaren bestelako hasiera iradoki zuen puntuzko lerroaren bitartez, eta, beraren iritziz, honetara hasiko litzateke ahapaldia: “Birjina Amaren bezpera da ta”. — Hirugarren ahapaldiko azken lerroko ‘gure’ hitza –jatorrizkoan halaxe zegoen– ‘ura’ (hura) interpretatu zuen Omaetxebarriak. — Laugarren ahapaldiko lehen eta laugarren lerroak jaso zituen Lizarraldek, baina tartean puntuzko lerro bat idatziz, jatorrizkoan akatsen bat dagoela adierazi nahian edo; akats hori zuzentzeko asmoz, hain zuzen ere, honetara idatzi zuen I. Omaetxebarriak ahapaldi osoa: “Aren argitan ni joan nintzan / Arantzazuko bidean, / Birgiña Ama ta bere Semea / topa nituan bidean” (ik. AKDB, 025. erg.); horrelaxe osatu dut Lizarralderena, euskara batura ekarriz.
VII. Birjina Ama Arantzazukoa (JK/REA, 37-38). “Arantzazura egin det promes” balada beraren 12-14-15 ahapaldiak aukeratu ditu hemen Lizarraldek, 12.eko errepikapenak kenduz. Jatorrizko testua zerbait murriztuta eta aldatuta dago atal honetan, eta lerroren batzuetan gaizki irakurrita –adibidez, ura au ≠ an ura–. Zuzenean jatorrizkoa ekarri dut hona, beraz, Omaetxebarriak bertan egindako moldaketa txiki eta guzti.
VIII. Pauso santuak ongi kontatzen (REA/JK, 41. or. (3), B zut.; CPV, X, 38-843, 983. or. edo G2T, 14. or.; CPV, IX, 14-729, 848-849 or.). Kanta honen bi aldaera daude behintzat Arantzazuko Bilduman, biak Azkueren CPV-tik jasoak: aurrena Arruako Joan Kruz Iriondorena –beste kanta baten eranskina–, eta bigarrena Oskozko Justa Goldarazenarena (“Amabost pausuz konponitzen da” hasten den lau ahapaldiko kantaren bigarren eta hirugarren ahapaldiak); horietako bat erabili zuen seguruenik Lizarraldek atal hau osatzeko. Parentesi harteko ‘(hasi)’ ez dago REA/JK-ko jatorrizkoan, baina bai CPV-ko aldaeretako batean; eta horrela irakurri zuen Omaetxebarriak.
IX. Birjina Arantzazuko (REA/JK, 33. or.). Kosme Lamarain fraideak Otxandion bildutako balada da atal honetarako Lizarraldek aukeratu duena. HVSA liburuan ere argitratu zuen (204. or.). Jatorrizkoan “Franzijan eta Españia guztitik” dago idatzita, ez “Franzi eta España guztitik” (ik. aldizkarian): neurriak ere hala eskatzen du eta.
X. Arantzazu mendiko (REA/JK, 31 or.). Arantzazuko umorezko kopla edo sehaska-kanta labur hau sartu nahi izan zuen Lizarraldek “poema” handian. Zergatik? Seguruenik ukitu samur –idiliko– hori ere eta kopla bera jatortzat jo zituelako Arantzazuko balada herritarraren tradizioan. Koplak bi aldaera nagusi ditu Arantzazuko Bildumakoetan: batak sehaska-kantaren itxura du, bere ‟loo, loo” epifonema eta guzti; besteak umorezko kopla dirudi –“ez eidazu mudatu / neure humoria” bukatzen da bigarren ahapaldia (G2T, 76. or.)–. Lehen aldaera aukeratu zuen Lizarraldek, erromesaren otoitz airea ere baduelako edo.
XI. Agur orain, dama gaztea (REA/JK, 36. or., A-B zut.). Zazpi ahapaldiko balada-aldaeraren lehen eta hirugarren ahapaldiak aukeratu zituen Lizarraldek atal honetarako; jatorrizkoa “Adios orain dama gaztia” hasten da. Lizarraldek berak bildutako balada da, Aretxabaletako Goronaeta (Korueta) auzoan, Maria Azkoitiaren ahotatik. ABK-k (100-101 or.) eta EERV-k (369-370 or.) osorik argitaratu zuten REA/JK-ko balada.
XII. Mundu honetan gura duenak (REA/JK, 26. or., A-B zut.). Horrela hasten diren bi balada-aldaera daude Arantzazuko Bilduman, 7 eta 9 ahapaldikoak; eta beste hainbat aldaeraren barruan ere kantaturik dago gaia. Koruetako Maria Azkoitiaren aldaerakoa jaso zuen nonbait Lizarraldek, “mendixok gora” forma hor bakarrik ageri baita –besteetan “mendixa gora” edo “mendian gora”–.
Jatorrizkoan honetara dago hitzez hitz eta hizkiz hizki Koruetakoa:
Mundu yonetan102 gura dauenak
Zeruko lorak ikusi,
Arantzazuko mendixok gora
biar dau biria ikasi.
Balada osoaren ondorio moduan aukeratu zuen nonbait Lizarraldek azken kopla hau.
Oharrak
97 Ik. “Salbatore Mitxelena'ren «Arantzazu»”, in: Lekuona'tar Manuel. Idaz-lan guztiak. 11. Azken urratsak, [Kardaberaz bilduma - 32], Librería Técnica de Difusión, Tolosa, 1987, 339-340 or.
98 Artikulu hori bi emanalditan argitaratu zuten, autorea hil ondoren, El Día egunkarian (1935; lehen zatia irailaren 8koan).
99 Jatorrizkoan ‘nazun’, ‘nazu’, ‘banaramazu’, ‘dezu’ dago idatzita: singularrean, subjektua pluralean egon arren. Seguruenik Lizarraldek zuzendu nahi izan zituen forma ‘arkaiko’ horiek, eta honetara idatzi zituen: nazuen, nazue, banaramazue, dezue. Euskara batuko formatara ekarri ditut hemen, baina ‘e’ pluralizatzailea parentesi artean utziz..
100 ‘Arantzakoa’ edo ‘Arantzazuko’ dago idatzita, jatorrizko aldaeren arabera. Lizarralderen ‘Arantzazukoa’ formak neurria hautsi egiten duela dirudi.
101 Jatorrizkoan ‘dozunian’ dago idatzita, ez ‘dezuenean’ edo ‘dozuenian’