1 Birjina Amaren bezpera da-ta
goazen Arantzazura,
Santa Luziren begi ederrak
argi egiten digula.2 Arantzazura bidea luze,
hara orduko kantsatu,
Birjina Ama ta bere Semea
bidean ditut topatu.3 Kontseju (Burubide) on bat eman zidaten
Ama-semeen artean,
ona ta umila (apala) izan nendila
munduan nintzan artean.4 Ai artzaintxoa, ai artzaintxoa,
nere esan bat egizu:
Ait'ori ere zurgina da-ta
honera bidal ezazu.
Lekukoa: Krisostoma Bengoetxea (Lekeitio) /
Juliana Etxarri (Etxarri-Larraun)
Biltzailea: Resurrección M. Azkue
Iturria: OEA, 30. dok. (ik. AIZ, 205-206 or.)
— CPV, VIII, 25-620, 747-748 or.—
AKDB, 223. erg.
CPV-en hiru aldaera daude “Birjiña Amaren bezpera da-ta” hasten direnak (VIII, 25-620, 47-748 or.; X, 24-829, 961-962 or.; X, 25-830, 962-963 or.). REA/JK-k horietako azken biak kopiatu zituen: bakoitzaren doinua eta lehen ahapaldia bakarrik: 1) REA/JK, 40. or. (ik. AKDB, 030. erg.), eta 2) REA/JK, 43. or. (ik. AKDB, 035. erg.).
CPV-ko lehenengoa da hemengo hau, Omaetxebarriak bere OEA-n jasoa. Doinuaren azpian, eta lekukoaren berri eman ondoren, honako oharra dakar Azkuek: “Cantó con otra letra en que se describe sosísimamente la vida de Santa Lucía. La letra está tomada de otra canción aprendida en Larraun (AN). Es una de los números del Cancionero Selecto, tomo IX, pág. 15. He aquí la letra, con adaptación castellana del folklorista”. Beraz, oharra ondo ulertuz gero, lekuko horrengandik ez zuen testu hau jaso, orrialde berean datorren doinua baino, bestelako hitzekin; eta Azkuek berak egokitu zion hemengo balada-aldaera Bengoetxearen doinuari.
Azkuek hor aipatzen duen “Cancionero Selecto” iturria ez dut egiaztatzerik izan; baina hemen berak egokitutako testua beraren CPV-ko beste aldaeretako baten, Etxarrriko Juliana Etxarrik kantaturikoaren, lehen lau ahapaldiak dira (ik. CPV, X, 24-829, 961-962 or.), hango hitzen batzuk “zuzenduta”, euskara garbiaren izenean edo: kantsatu > nekatu, kontseju > burubide, umila > apala. Bestalde, hango ‘artzaitxo’ forma hemen ‘artzaintxo’ bihurtu da (ik. AKDB, 222. erg.).
Azkuek berak, Bengoetxearen jatorrizko testua ere transkribatu ondoren, honako oharra dakar (748. or.): “La letra arriba transcrita [hemengo hau, alegia] está íntimamente relacionada con el romance Arantzazura, que figura en el siguiente volumen. Su melodía original se publicará al lado de las dos del lindísimo romance”. “Arantzazura” titulua eman zion balada hori “Arantzazura egin dut promes” hasten da: Lakuntzako Martina Lanz-ek kantatua (CPV, X, 15-820, 948-949 or.; ik. AKDB, 221. erg.).
I. Omaetxebarriak bere “Rodrigo, el hijo del carpintero” artikuluan argitaratu zuen hemengo testua, CPV-ko “Birjiña Amaren bezpera da-ta” hasten diren hiru aldaerak bateratuz, besteak beste, Errodrigoren balada osatu eta “berreraikitzeko” ahaleginean edo (ik. AIZ, 205-206. or.).
Parentesi arteko hitzak Azkuek idatzitakoak dira, Juliana Etxarriren testua doinuari egokitzean, jatorrizkoak “zuzendu” nahian. Omaetxebarria jatorrizkoetara itzuli zen bere argitalpenean. Bide beretik jatorrizko “kantsatu” idatzi dut, Azkueren ‘nekatu’-ren ordez (2. ahapaldian), Omaetxebarriak ‘nekatu’ idatzi bazuen ere.