Ai artzaitxoa, ai artzaitxoa: nere esana egizu,
nere esana egizu eta nerea izanen zera zu.
Nik zainduko 'itut zure ardiak Santa Triako haitzean,
Santa Triako haitzean eta belartxo garbi batean,
belartxo garbi batean eta elorri-ondo batean.
Elorri honi para izkiozu bi pilaretxo aldean,
bi pilaretxo aldean eta hiru latatxo gainean.
Denborarekin han izango da ermita kuriosoa,
ermita kuriosoa eta komentu poderosoa.
Lekukoa: Josefa Auzmendi (Etxarri-Aranatz)
Biltzailea: Salbatore Mitxelena (?)
Iturria: ABA, I-8 (AHH, 75. or.)
AKDB, 227. erg.
“Errodrigotxo Baltzategiko” baladaren aldaerak eta puskak bildu eta hura osatzeko asmotan-edo dago hemengo hau jarrita Mitxelenaren Ahoz aho liburuko lehen kapituluan. Honetara dio berak sarrera moduan: “Aloñan baino lehen, Aralarren agertu omen zen gure Andra Mari jentil artzain bati. Jentil artzainaren kupira irabazteko, honela eskatu omen zion zeruko Amari” (AHH, 75. or.)
Forma horretan Mitxelenaren liburuan bakarrik ageri da kanta hau. Badirudi berak bildua zuela; bestela adieraziko zuen nondik hartua zuen, normalean egin ohi zuen bezala. Josefa Auzmendi kantatzaile berberaren “Arantzazura egin det promes” baladaren barruan (6-10 ahapaldiak) piska bat ezberdin daude horiek hemengoen aldean (ik. AKDB, 025. erg.). Biltzaile bakoitzari ezberdin kantatu zizkion nonbait Josefak balada bera.