1 Artzaritxoa, artzaritxoa,
nere esan bat adizu.
Berorren aita harotza da ta,
ermitatxo bat eidazu...----------- 2 Artzaritxoa, artzaritxoa,
mesedetxo bat egizu.
Hiru lata ta zazpi teilatxo
nahikoa izango dituzu...
Biltzailea: Ignazio Omaetxebarria
Iturria: Arantzazu, XXXVII, 1956, 368. zenb., 38-43 or. (AIZ, 477. or.)
AKDB, 257. erg.
Honako sarrera modukoa idatzi zion balada honi –edo balada beraren bi aldaera hauei– Omaetxebarria biltzaileak:
“Ni oraintsu Bakaikoan egona naiz. Arantzazuko Amarenganako zaletasunak sustrai sakonak ditu ango gizon-emakumeen biotzetan. Bada erriko eliza nagusian gure Andra Mari onen irudi zar polita ere. Ta baita ezagun dira, Gipuzkoan ez, ta bai Bizkaiko erri batzuetan abestu oi diran Arantzazuko Amaren kanta zarrak ere. Azkue Jaunak badakarzki batzuk bere Euskal-Abesti-Sorta ederrean. Nik neronek ere bildu ditut berri batzuk, Lekeition, Arteagan, Lumon, Zornotzan, Oiñatin ta beste Bizkai-izkuntzazko zenbait erritan kanta oi diranen sailekoak.” (AIZ, 477. or.).
Goiko bi aldaerok eskaini zituen ondoren. Horiek ez dira beste inon ageri Arantzazuko Kanta Zaharren Bilduman eta sortetan. Dena dela, REA/JK-ko 42-43 orrialdeetako “Ai artzaitxoa, ai artzaitxoa” hasten den balada-aldaerako hasierako ahapaldien hurbilekoak dira hemengo biok (ik. AKDB, 034. erg.). ABK-k argitaratua du hura (65-66 or.).