Rodrigo, el hijo del carpintero
Ignazio Omaetxebarria
Iturria: “Rodrigo, el hijo del carpintero”.
Arantzazu, XXIX, 1944, 249. zenb., 260-264 or.; AIZ, 204-211 or.
I. Omaetxebarria dugu Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren biltzaile oparoenetakoa eta aztertzaile zorrotzenetakoa. Argitaratu, ez zuen askorik argitaratu gaiari buruz: artikuluren batzuk. Denak daude bilduta Arantzazu izena. Evocación franciscana y proyección misionera artikulu-bilduman (ik. bibliografian, AIZ). Oso baliozkoak zaizkigu gainera berak argitaratu gabe utzitako eskuizkribuak.103 OEA siglaz dago izendatuta artxibo hori. Ezin dugu Omaetxebarriaren iritzi finko eta erabatekorik aurkitu horietan, hipotesiak eta bilaketa-eskemak besterik ez direlako, ez beti koherenteak, baina beti baliozkoak eta iradokiorrak.104
Omaetxebarriaren iritziz, balada ezberdinak daude Arantzazuko tradizioan, jatorrian autonomoak, garai eta leku ezberdinetan eta tradizio ezberdinetatik sortuak eta ondoren han eta hemen beren aldaerak eman dituztenak, eta batzuetan pusketaka kantatu izan dituztenak, behin baino gehiagotan bestelako enborreko puskekin nahasiz gainera. Ildo edo tradizio bereko aldaerak eta puskak bildu eta baladak osatzen baino gehiago kantak sailkatzen saiatu zen Omaetxebarria: sortutako garaien, gehien kantatu zituzten eskualdeen edota darabiltzaten gai nagusien arabera.
Sailkapen geografikoa eta kronologikoa alde batera utzirik, Omaetxebarriak iradokitako gaiezko sailkapena dagokigu batez ere orain eta hemen. OEA sortako 5. eta 6. dokumentuetan eskaintzen digu horietako sailkapen bana. 5.ekoa da osatuena eta zehatzena; horren osagarri baliozkoa da 6. dokumentua. Zazpi sail hauek ematen ditu 5. dokumentuan: A) Canciones aisladas – B) El hijo del carpintero – C) El peregrino nocturno – D) Fragmentos – E) La peregrina descalza – F) Rodil – G) Kanpanila txiki bat.
Lehen A) sailekoak –zortzi kanta– besteetan sailka ezinezkoak dira, batzuetan beren barruan aldaerak ere dituztenak, besteetan aldaera bakanekoak. Azken G) sailekoak bertso berriak direla dirudi (XIX. mendekoak); “Kanpanila txiki bat” izenarekin Telleriarteko Plazaolaren bertso sorta ospetsua adierazi nahi duela dirudi; horrekin batera “Pello Errota” aipatzen du: horrek Arantzazuko peregrinazioari buruz kantaturiko bertsoak, zalantzarik gabe –horrelako hiru bertso sorta ditu Asteasuko bertsolariak–. Beraz, A) eta G) alde batera utziz, besteak geratzen zaizkigu, Arantzazuko baladen beste hainbeste ardatz gisa.
B) El hijo del carpintero: 6. dokumentuan baladaren zortzi aldaera biltzen ditu, lehen ahapalditik hasita; baina beste hainbat baladaren barruan ere abesturik dago gai hori. Denen hasierak eta iturriak adierazten ditu.
C/D) El peregrino nocturno: 8 aldaera identifikatzen ditu, zuzenean gai hori darabiltenak (C); eta horietako bosten elementu edo zatiak aurki daitezke bestelako ahapaldietan ere (D).
E) La peregrina descalza: Hemen “Abuztuaren hamabosgarren” erromantzea seinalatzen du; baina une honetan badira dozenaren bat Arantzazuko Bilduman “Agostuaren (Agustuaren) amabostgarren (amaboskarren)” hasten diren aldaerak.
F) Rodil: Arantzazuko komentu-elizen erreketaren balada hau berandukoa da, XIX. mendearen erdi ingurukoa; ez du aldaera askorik eta ez du inola ere goiko hiru baladen ez pisu eta ez tradiziorik; baina Omaetxebarriak seinalatuta utzi nahi izan zuen.
Nahikoa ondo identifikatuta utzi zituen, bada, Omaetxebarriak Arantzazuko hiru balada nagusien gai ardatzak: B, C/D, E; baina horien historia aberatsik ez duten bestelakoak ahaztu gabe.
Sailkatzeaz gain, sail edo ardatz bakoitzeko aldaera eta puskak bilatu eta konparatzen saiatu zen Omaetxebarria; baina ez zigun balada “osaturik” eskaini, aldaera eta puskok ordenatu, txukundu eta hari logikoren batean bateratu eta lotuz, Lizarraldek (1), Mitxelenak (3) eta Zabalak (2) eskaini zizkiguten bezala, bakoitzak bere erara eta bere irizpideekin. Omaetxebarriak ez bat, ez bi eta ez hiru. Berari ez zitzaion agian metodorik egokiena iruditu Arantzazuko Baladak aztertzeko, horrelako testuak berreraikitzen edo osatzen saiatzea. Bestelako azterbideak markatu zituen (ik. “La leyenda de oro”, in: AIZ, 212-219 or.).
“Errodrigotxo Baltzategiko” balada –berak romance de “Rodrigo, el hijo del carpintero” ere deitzen duena, eta S. Mitxelenak “Andre Maria agertu zenekoa” deituko zuena– XVI. mendearen hasieratakoa izan daiteke. Besteak beste, bertako bertsoetako batean ageri den “komentu poderosoa” iragarpenean oinarritzen da: “Supondremos que se trata de los primeros tiempos de la habitación del convento por los hijos de San Francisco (1514), cuando tuvieron lugar los pleitos entre Dominicos y Franciscanos por su posesión, cuando ya era convento respetable, pero no se había borrado aún el recuerdo de la primitiva pequeña ermita, por lo cual era tanto mayor el entusiasmo que entre los fieles producía el contraste, no tan fácilmente explicable más tarde, al acostumbrarse a considerar el convento como cosa normal” (“Rodrigo, hijo del carpintero”, a.a., 211. or.). 1944an argitaratu zuen testu hori Omaetxebarriak. Urte berean ari zen S. Mitxelena bere Aboz abo. Arantzazuko kanta zarrak liburua idazten, eta, beraren iritziz, 1468an artzainak irudia aurkitu ondorengo urte hurbiletakoa da (ik. AHH (ADK-IX), 74-75 or.). J. Azurmendik, berriz, hirugarren lekuan ipintzen du, “Oñatiarrak, Oñatikoak” eta “Abuztuaren hamabosgarren” baladen ondoren.
Errodrigoren balada da, zalantzarik gabe, Euskal Herrian zabalduena eta ugariena, Omaetxebarriak berak idatzi zuenez: “Este romance, que está divulgado por Navarra (Larraun, Echarri), Vizcaya (Lequeitio, Luno, Villaro), Guipúzcoa (Oñate, Goronaeta...) y Alava (Aramayona), tiene infinidad de variantes. En la mayoría de estas versiones se combina con fragmentos de diferentes procedencias” (AIZ, 205. or.).
Horren aldaerak Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren “basoan” bilatzen eta identifikatzen saiatu zen Omaetxebarria. Baina horiek ordenatu, bateratu eta “garbituta”, ustez jatorrizko edo helburuan osatu-itxurako poema bilatu beharrean, beren horretan aurkeztu zizkigun nagusienak bata bestearen ondoren ipinita, bakoitzaren jatorriaren berri emanez eta beraien arteko kidetasunak eta ezberdintasunak erakutsiz. Beraz, Errodrigotxoren, edo Andre Mariaren irudiaren aurkikuntzaren, balada berreraiki edo osaturik ez daukagu hemen; baina baditugu beharbada horretara iristeko elementuak, aldaera eta puska ugari eta iradokiorrak begien aurrean ditugula.
Horrexegatik, hain zuzen ere, iturrietako testuak ekarri eta iruzkindu besterik egin ez duelako Omaetxebarriak, berak jaso bezala utzi ditut horiek, forma dialektal guztiekin; ortografiaren aldetik euskara batura aldatuta bai, baina morfologiaren aldetik ez, atal honetako beste balada (berr)eraiki eta osatuetan egindakoaren kontra.
(A) Aldaera autonomoa
Iturria: REA/JK, 35. or. (?)
AKDB, 023. erg.
1 Errodrigotxo Baltzategiko
neure esan bat eidazu:
aita zurea harotza da ta,
etortzeko esaiozu.2 Egin deidala ermitatxo bat105
deritxona Arantzazu;
hiru latatxo, zazpi teilatxo
hoietxek askoko ditu.3 Ama onaren seme on askok
han izango dau ostatu,
han izango dau ostatu eta
bai sarri kaliza altzatu.
(B) Nafarroako aldaera
Lekukoa: Juliana Etxarri (Etxarri-Larraun)
Iturria: CPV, X, 24-829, 961-962 or. – OEA, 29. dok.
AKDB, 222. erg.
Birjina Amaren bezpera da ta,
goazen Arantzazura,
Santa Luziren begi ederrak
argi egiten digula.
Arantzazura bidea luze
hara orduko kantsatu,
Birjina Ama ta bere Semea
bidean ditut topatu.
Kontseju on bat eman zidaten
Ama-Semeon artean,
ona ta umila izan nendila
munduan nintzan artean.
1 Ai artzaitxoa, ai artzaitxoa,
nere esan bat egizu,
ait'ori ere zurgina dezu,
honera bidali ezazu.2 Ermita honi emaizkiozu
apeotxu bi aldera,
apeotxu bi aldera eta,
zazpi teilatxo gainera.3 Denporarekin izanen baita
ermita kuriosoa,
ermita kuriosoa eta
komentu poderosoa.4 Zure ardiek [sic] ongi dabiltza
Santa Triako haitzean,
belartxo goxo batean eta
iturri baten aldean.5 Iturri hartan jabonatzen da
Birjina Amaren beloa,
berak iruna, berak ehoa,106
Birjina Amaren beloa.
(C) Areatzako (Villaro) aldaera
Lekukoa: Eujenia Langara (Areatza, Arratia)
Biltzailea: Jose A. Lizarralde (?)
Iturria: REA/JK, 25. or. (2), B zut.
AKDB, 016. erg.
Eguna zala, eguna zala
bart gauberdia zanean,
egunerako ailegau ginan
zazpi legua bidean.
Birjinea ta bere Semea
topau genduzan bidean.107
Emon oskuen kontseju on bat
Ama-Semion artean...
1 Errodrigotxo Baltzategiko,
erdu hona ta entzuizu:
aita zurea harotza da ta,
arren esan bat eidazu.2 Egin deiela ermitatxo bat,
deritxona Arantzazu;
hiru latatxo, zazpi teilatxo
nunbaiten askoko ditu.3 Hamaika amaren seme on askok
han izango dau ostatu;
San Frantziskoren semeak bere
hantxe kaliza altzadu...
(D) aldaerak
Lekukoa: Maria Azkoitia (Korueta, Aretxabaleta)
Biltzailea: Jose A. Lizarralde (?)
Iturria: REA/JK, 26. or.
AKDB, 017. erg.
Mundu honetan gura dabenak
Zeruko lorak ikusi,
Arantzazuko mendiok gora
behar dau bidia ikasi.
(D-1) Aldaera
Biltzailea: Jesus Goitia (Lumo-Gernikan bildua)
Iturria: AIZ, 207-208 or.
AKDB, 258. erg.
1 Errodrigotxu Baltzategiko
Birjina-bilatzailea,
zorionean joan zinean
ahuntzaren bila mendira.
Birjinatxo bat hantxen egoan
arantzan zeuri begira…2 Ardizaintxoa, pastoretxoa,
erdu hona ta entzuizu.
Aita harotza dozu zuk eta,
hari esan egiozu,
egin deidala ermitatxo bat
deritxona Arantzazu.3 Hiru lata ta zazpi teilatxu,
eurok nahikua dituzu;
gehiago behar baldin badozu,
bertan aurkituko iatzu...
(D-2) Aldaera
Lekukoa: Maria Azkoitia (Korueta)
Biltzailea: Jose A. Lizarralde (?)
Iturria: REA/JK, 27. eta 25. or.
AKDB, 018., 190., 229. eta 016. erg.
1 Errodrigotxo Baltzategiko,
Birjina-bilatzailea,
ahuntzaren bila joan zinan zu
Arantzazuko mendira.2 Birjina Ama bilatu zendun
Arantzan zeuri begira.
Laister ta arin etorri zinan
enbajadiaz herrira...3 Oñatiarrak joan ziraden
prozesioaz mendira...
Oñatiarrak, oñatiarrak
gaxkiro –kazkiro– penatzen nozu
Aita San Migel Oñatikora
birritan eroan nozu.
Hirugarrenez banaroazu
gomutan eukiko dozu.
___________________________
Aldaeren azalpenak
(A) Aldaera autonomoa
Iturri zehatzik ez du ematen Omaetxebarriak, seguruenik oso antzeko askotxo dagoelako Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bilduman; hori bera doi-doi ez dut inon aurkitu, hala ere. REA/JK, 35. or.koak berak baditu ezberdintasunen batzuk: “egin deidala ermitatxo bat” – “ermitatxo bat egin dezadan”, “Ama onaren seme on askok” – “Ama onaren semerik asko”... Gainera REA/JK-koa doinu eta guzti dago, eta lehen eta bigarren bertsoetan “bis” egiten du bukaerak. Omaetxebarriarenak bizkaiera-kutsu handiagoa du REA/JK, 35ekoak baino; agian bizkaierazko beste aldaeraren bat zuen berak esku artean.
Beste aldaera bat oso hurbilekoa REA/JK-ko 27. orrialdeko “Mundu onetan gura dabenak” hasten den baladaren amaiera da:
7 Errodrigotxo Baltzategiko,
neure esan bat eidazu,
aita zurea harotza da ta,
itten bat eman eiozu.8 Egin deidala ermitatxo bat
deritxona Arantzazu,
hiru latatxo zazpi teilatxo,
oietxek askoko ditu.9 Ama maitien seme on askok
han izango du ostatu,
han izango du ostatu eta
sarri kaliza altxatu.
Seinalatzekoa da Omaetxebarriak baladari eman zion titulua: “Balada del hijo del carpintero”, horren aldaeretako elementu nagusiena nabarmendu nahian edo: “Rodrigo de Balzátegui, pastor de cabras, era además, hijo de carpintero”. Normalean “Errodrigo Baltzategiko” –Errodrigotxo Baltzategiko– izendatu izan dute, ordea, aldaera gehienetako hasieraren arabera.
(B) Nafarroako aldaera
“Birjina Amaren bezpera da ta” hasten den eta Omaetxebarriak “El peregrino nocturno”-ren balada deitzen duenaren –Nafarroan dago jasota batez ere–, horren barruan ageri den Errodrigotxoren kanta da hemengo hau. Omaetxebarriak aipatzen duen Azkueren CPV-ko aldaeraz gain, AKDB-en badaude beste hiru (Hermenejilda Lakuntzarengadik Jokin Dorronsorok jasoa, eta Aitzolen Bilduman dagoena, 256. erg.; Julian Alustizak Etxarri-Larraungo Maria Lizarragandik jasoa, AKDB, 206. erg.; Omaetxebarriak berak Lakuntzako Martina Sanz Ganboaren ahotatik jasoa, AKDB, 205. erg.). Horietan denetan, hemengoan bezala, Andre Maria ez zaio izenez zuzentzen mutilari, eta “Ai artzaitxoa, ai artzaitxoa” deitzen dio.
(C) Bizkaiko aldaera (Areatza)
“Eguna zala, eguna zala” hasten den beste aldaera baten barruan ere badago Errodrigotxoren balada, Mari Karmen Uriguenek Julia Uriarterengandik jasoa, non mutila “Erolitetxu Altzetariko” [sic] izenez ageri baita (AKDB, 281. erg.).
(D) Bizkaiko eta Leintz aldeko aldaerak
“Mundu honetan gura duenak (dabenak)” hasten den kantaren barruan ere ageri da Errodrigoren balada: Horietako bi aldaera dakartza hona Omaetxebarriak. AKDB datu-basean beste bi behintzat aurki daitezke: Maria Azkoitia berarengandik Koruetan jasoa (REA/JK, 26. or.; AKDB, 017. erg.) eta J. K. Gerrak bildutakoa (AKDB, 272. erg.).
(D-1) Aldaera (Lumo-Gernika)
Jesus Goitia fraideak (Forua) Omaetxebarriaren eskuetan utzi zuen nonbait Lumoko aldaera hau, beste inongo iturritan ez baita ageri. Aldera hau ere “Mundu honetan gura dabenak” ahapaldiarekin hasten ote zen? Autonomo dauka jasoa Omaetxebarriak bere artikuluan.
(D-2) Aldaera (Oñati - Leintz - Arratia - Araba)
Maria Azkoitiarengandik jasotako kanta osoaren barruan (REA/JK, 27. or.) “Oñatiarrak, Oñatikuak” ahapaldia dago ondoren tartekatua. Gai berari buruzko bestelako aldaera gaineratu zuen Omaetxebarriak hemen azkenean, honako oharrarekin (AIZ, 208. or.): “Casi todas estas versiones –exceptúese la de Luno– intercalan otro fragmento extraño, que la versión de Villaro trae al final”. Villaro-Areatzakoa jaso zuen, hain zuzen, hemen Omaetxebarriak (REA/JK, 25. or.; AKDB, 016. erg.). Omaetxebarriak berak eta bereziki J. Azurmendik autonomotzat jotzen dute jatorriz “Oñatiarrak, Oñatikuak” kanta: ez besteren erdian ez azkenean jartzekotzat.
Oharrak
103 Ik. Paulo Agirrebaltzategi, “Arantzazuko Baladak eta Kanta Zaharrak. Ignazio Omaetxebarriaren artxiboko corpus berria”, in: Litterae Vasconicae, 2010, 112. zenb., 119-126 or.).
104 Omaetxebarriak Arantzazuko Kanta Zaharren alorrean egindako lana ezagutzeko, ik. Paulo Agirrebaltzategi, “Arantzazuko Kanta Zaharrak. Ignazio Omaetxebarriaren ekarpena”, in: Cantabria Franciscana, LX, 2009, 177. zenb., 31-44 or.
105 Jatorrizkoan “ermitatxo bat egin dezadan” (dezaidan, diezadan) dago idatzita.
106 “... berak iruina, berak egoa” idatzi zuen Azkuek, eta harengandik Omaetxebarriak.
107 AKDB-ko aldaera ia denetan “topau nituan”, “emon eustien” edo horrelakoren bat aurki daiteke: hau da, bakarra da erromesa.