Testua: Bitoriano Gandiaga
B. Gandiaga, Frantziskotar Gorazarreak,
Oñati: Arantzazu E.F., 2012, 75. or.
Doinua: Doinurik ez
- Andre Maria zeruetako
Erregin gozo gorena,
zeu zara gure begi-bihotzen
poza eta mirespena.
Berpiztuaren aintza bizian
gorputz-arima zaudena,
zein zaren gure bideko argi,
zein zaren itxaropena! - Andre Maria zeruetako
Erregin gozo gorena,
Berpiztuaren aintza bizian
gorputz-arima zaudena,
zein zaren itxaropena! - Beti zauzkagu gugandik hurbil
deitzen zaitugun denetan,
baina, nolabait, hurbilagoan
zeure santutegietan.
Gaur Arantzazun gauzkazu zeure
irudiaren oinetan;
zeurekin egin nahi dugu murgil
Berpiztuaren pozetan. - Beti zauzkagu gugandik hurbil
deitzen zaitugun denetan,
gaur Arantzazun gauzkazu zeure
irudiaren oinetan,
Berpiztuaren pozetan. - Gure Ama ta Zaindari zara,
zeuk duzu gure ardura;
iguzu bizi gaitezen jator,
zeu bizi zinen modura.
Gure fedean beude argia,
alaitasuna, lilura,
sendo ta bizkor gara dezagun
Berri Onaren kultura. - Gure Ama ta Zaindari zara,
zeuk duzu gure ardura:
gure fedean beude argia,
alaitasuna, lilura,
Berri Onaren kultura.
Bere bizitzako azken urteetan oso saiatua jardun zen Bitoriano Gandiaga Frantziskotarren Orduen Liturgiarako gorazarreak ontzen. Arantzazuko Andre Mariaren egunerako hiru landu zituen: hemengo hau eta ondorengo biak. Gorazarre liturgikoak dira, gehienbat abestekoak; liburuko gorazarre ugariek, ia denek, dute doinua, Pello Zabalak ipinia; baina hemengo hau eta ondorengoa doinuaren zain geratu dira oraingoz; olerki-generoari begiratuta, besterik gabe ere, abesti-testuen artean sartzekoak direla uste dut.